2020/08/03

HEDAPENA (TxistuaZ 01)

Ekainaren 30ean estreinatu zen sarean Txistuaz aldizkaria. Argitalpenak harrera beroa izan du, zorion mezu ugari jasoz. Edukiaren inguruko galdera, iritzia eta zehaztapenik ere heldu da txistuaZ@ni.eus postara. Mila esker guztioi. Feedback-ak garrantzia du, beraz, hemendik, gonbidapena edukiei buruz edo proiektuari buruz zuen aburuak helarazteko.

Aldizkaria hedatzeko hainbat bide baliatu ditugu: blog hauxe, e-mail bidez (txistuaZ@ni.eus) eta issuu plataforman argitaratuz. Aldizkaria partekatu eta birbidali dutenen ekarpena gehitu behar zaio horri, berriz ere, esker mila! 

Zenbakiak hotzak ei dira, baina batzuk aipatze aldera blogean 858 bisita izan dira aldizkaria deskargatzeko sarreran. Issuu plataforman 30 egunean 133 erabiltzailek inprimatu edo deskargatu dute Txistuaz. Plataforma honek ematen digun informazioarekin esan dezakegu Argentina eta Brasilen ere izan dela aldizkaria eskuratu duenik.

Aurreikusten ez zen erantzun pozgarria! Harrotasunez eta esker onez jaso eta proiektuari indarra ematen diona.

Piztu duen interesetik hona bi elkarrizketa. Bat, Aiaraldea gaur hedabideari eskeinitakoa eta bestea, Argentinako Ekin kultur taldeak antolatutako zuzeneko solasaldia.

2020/07/09

VIVA ARAIA (TxistuaZ 01)

    

Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Gaurkoan Viva Araia piezari helduko diogu. Pieza hau Virgilio y Gerardo Gonzalez de Langarika-k sortu zuen 1917an eta handik 100 urtera hona dakargun moldaketa ondu zuen Jose Luis Cantabrana (Murgia, 1965) musikagile eta txistulariak. Txistu irakasle, abesbatzeko zuzendari, Ordago Folk taldeko kide, Araba Txistu Bandako zuzendari,... Hamaika saltsetako perrexila, hainbat obra ditu argitaratuak, besteak beste Fuga (Berzistu, Silboberri) txistu eta organorako, txistu eta abesbatzerako Prudentzio jaietako oihartzunak (Txistulari aldizkaria)  eta Aritz adarrean (Txistulari aldizkaria). Azken obra hau txistu banda, soka laukote eta perkusiorako idatzia dago, Arabako Aldundiak antolatutako konposizio lehiaketan saritua izan zelarik.

Viva Araia pasodoble bat da. Araia, Arabako Asparrena udaleko herri bat da, Gipuzkoako mugatik hurbil. Bertan, musika bandak tradizio sendoa du, XIX. mendetik bada bandaren berri. Pieza hau bandaren errepertorioan azaltzen da. Moldaketa honetan, ahots jolas ezberdinak erabiltzen ditu Cantabranak. Kaleko errepertorioaren aniztasuna bultzatzeko edo eta dantzaldietarako aproposa izan daiteke pieza hau.

Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:

2020/07/04

ARO BERRIAK (TxistuaZ 01)

   

Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Gaurkoan Aro berriak piezari helduko diogu.  Jose Luis Cantabrana (Murgia, 1965) musikagile eta txistularia da piezaren sortzailea. Txistu irakasle, abesbatzeko zuzendari, Ordago Folk taldeko kide, Araba Txistu Bandako zuzendari,... Hamaika saltsetako perrexila, hainbat obra ditu argitaratuak, besteak beste Fuga (Berzistu, Silboberri) txistu eta organorako, txistu eta abesbatzerako Prudentzio jaietako oihartzunak (Txistulari aldizkaria)  eta Aritz adarrean (Txistulari aldizkaria). Azken obra hau txistu banda, soka laukote eta perkusiorako idatzia dago, Arabako Aldundiak antolatutako konposizio lehiaketan saritua izan zelarik.

Aro berriak aldarrikatu nahi izan ditu musikagileak biribilketa honetan. Lehengokoa gogoan izanda berriari leku egiteko beharraz ari da Cantabrana. Erritmoarekin dituen jolasek, sarrerak eta zinta-dantzaren oihartzunek pieza erakargarri eta elegantea bihurtzen dute, kalean dotoreziaz aritzeko aukera emanez.

Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:

2020/06/30

TXISTUAZ 01



Hauxe da Txistuaz aldizkariaren aurreneko alea.
Ilusioz jartzen dugu guztion eskura, doan eta libre.
Esker mila lehen ale honetan parte hartu duzuen guztioi.

Pdf formatuan ikusi eta deskargatzeko:

https://labur.eus/txistuaZ01

Aldizkari formatuan ikusteko ISSUU plataforman:

https://labur.eus/issuu_txistuaZ01

Gurekin harremanetan jartzeko:

txistuaZ@ni.eus

Aldizkariaren inguruan gehiago jakiteko irakurri blog honetako Aurkezpena izeneko sarrera.


Aurkezpena

Hemen da proiektu berria.
Txistuaren inguruko aldizkari digitala.
Elkarrizketak, artikuluak, partiturak, argazkiak, umorea,...
Pdf interaktibo formatuan: audioak, bideoak, loturak,...
Doan eta libre deskargatu, ikusi eta partekatzeko.
Material osagarria blog honetan argitaratuz.
Gaurtik sarean:

2020/06/29

Piztu

Sortu eta berehala lozorroan geratu zen espazio hau duela bi urte. 
Esperimentatzeko jaioa, bizitza berri bati ekingo dio gaur. 
Esperimentu berri baten aterpe izateko piztuko da, hain zuzen ere. 

Kazetaritza eta txistua: pasio lehenengo, ikasketa gero, beranduago ogibide eta azkenik ikasbide. 

Suaren beroak eta argiak urte zail honen iluntasunari epela ekar diezaiola. 
Joandakoak gogoan, uda estreinatu berri, sugarren indar berarekin aurrera egingo dugu.
 
Piztu gaitezen.

2018/02/03

Negua




Haizea. Euria. Hotza. Eguraldi makurra abenduko 24 hartan. Urtero legez, arratsaldeko 4rak aldera elkartu ginen txistulariok. Gure egutegian, egun seinalaturik bada, hori, dudarik gabe, Olentzero eguneko kalejira baita.


 
2013koan sei txistulari atera ginen kalera: Manu, Ander, Julen, Urtzi, Christian eta Txemi. Azken hau baina, ez zen bakarrik etorri. Argazki-kamera lepoan, orain txistua jo orain... klik!
 
 
 
 
Unea iristean aurrera, salto kalera, euripean putz eta jo. Lurra distiratsu eta haizea harro. Doinua jarri genion negu gorriari.
 
 
 

Atsedenerako tenorea txistularientzat. Euritik babesturik, haizeari ezin iskin egin.  Kameraren begiak, berriz, ezin detailerik galdu.
 
 
 
 
Zeruak tregoarik ez, azken txanpa genuen frontoiaren epelerainoko bidean.
 
 
 
 
Teilatupean, lasai. Frontoiak itzalak eta tantak argiarekin jolasean jarri zituen. Eta argazkilariaren begiak klik! ederki harrapatu.
 
 
 
 
Azkenik, argazkilaria ezkutalekutik atera eta makinak harrapatuta. Eskerrik asko artista! Zure argazkiak gure gozagarri, egun eder baten lekuko.
 
 
Argazki guztiak: Txemi Llanok 2013/12/24 Amurrio