2021/02/09

ZURE LEHIO AZPIKO POEMAK II (Txistuaz 01)

Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Duela aste batzuk Zure lehio azpiko poemak. Bost ipuin piezaren grabaketa eta bideoa aurkeztu genituen. Oraingoan pieza beraren bigarren bertsio batekin gatoz. Iban Ibarretxe txistulari zornotzarrak, Bermeoko Musika Eskolan ikasle dituen Lorea Landaluze eta Elena Amezuarekin batera grabatu du Igor Arzuagaren pieza, perkusioa gehituz eta beraien ikutu berezia emanez. Hirukoteak grabaketa etxetik egin behar izan du, izan ere Bermeoko Musika Eskola covid-agatik itxi eta etxetik baidihardute egunotan. Meritu bikoitza beraz!

Zure lehio azpiko poemak. Bost ipuin piezari buruz gehiago jakiteko irakurri blogeko sarrera hau.

Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:


https://labur.eus/zure_lehio_azpiko_poemak


2021/01/18

ZURE LEHIO AZPIKO POEMAK. BOST IPUIN (Txistuaz 01)

Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Gaurkoan Zure lehio azpiko poemak. Bost ipuin piezari helduko diogu. Balkoi baten azpira bildutako txistu banda irudikatu du Igor Arzuagak (Areta, Laudio, 1976) Txistuaz aldizkarirako espreski sortutako pieza ez-ohiko honetan. Bost ataletan banatutako musika lan honek harmonia eta melodian lan egiteko aukera ederra ematen die jotzaileei. Mikel Urdangarin, Exkixu, Une Latzak eta bestelako folk eta rock taldeetan ibilitakoa da Arzuaga pianoa, trikitia, akordeoia, baxua edo eta gitarra jotzen. Bakarlari gisa hamaika disko grabatuak ditu, azkena Baserritik jeitsi nintzen izeneko bilduma. Esperimentaziorako joera, bertan goxo geratzeko arrisku gutxi eta pertsonalitate handiko musikaria da Igor. Aurreneko pausuak, besteak beste, txistuarekin egin zituen. Pianoan ikasketa klasikoetan hazitakoa, jazzerako hurbilketa batean murgilduta dabil azken garai honetan.

Zure lehio azpiko poemak. Bost ipuin kalean jotzeko pentsatuta dago eta perkusioa ad libitum prestatzeko gonbitea egiten du. Behin aldizkarian publikatuta Arzuagaren etxeko estudioan grabatzeko aukera izan genuen. Musikari aretarraren eskuetan geratu zen partituran idatzitakoa txistu soinu bihurtua, perkusioaren faltan. Igorren sortzeko eta birsortzeko etengabeko bulkadak baina, jantzi berri bat eman dio piezari: teklatua, programazioak, efektuak,... gehituz. Opari ederra gure proiektu xume honentzako! Azkenik, soinuari irudia jarriz, Aingeru Ozerinjauregi arrigorriagarrak ginga jarri du bere argazki bilduma eder batekin.

Balkoiaren azpian, poesia.


Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:

https://labur.eus/zure_lehio_azpiko_poemak


2020/12/16

TXISTUAZ 02

 



Hauxe da Txistuaaldizkariaren bigarren zenbakia.

Ilusioz jartzen dugu guztion eskura, doan eta libre.
Esker mila ale hau posible egin duzuen guztioi.

Pdf formatuan ikusi eta deskargatzeko:

https://labur.eus/txistuaZ02

Aldizkari formatuan ikusteko ISSUU plataforman:

https://labur.eus/issuu_txistuaZ02

Gurekin harremanetan jartzeko:

txistuaZ@ni.eus

Aldizkariaren inguruan gehiago jakiteko irakurri blog honetako Aurkezpena izeneko sarrera.

Hemen aurreko aleak:

 Txistua01

https://labur.eus/txistuaZ01

2020/12/11

2020/10/27

MENDI (Txistuaz 01)

 

Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Gaurkoan Mendi pbiribilketa dakargu. Pieza hau Christian Alemanyk (Laudio, 1978) txistulari eta musikariak sortua da. Pieza 2020ko urtarrilean zendutako Manu Mendiguren txistulari lagunari eskeinia dago. Amurrioko Musika eskolako ikasle eta Amurrioko Txistuzaleak taldeko kide zen Mendiguren, Manu edota Mendi bezala ezagunagoa. San Anton eguneko kalejira egin eta hiru egunera hilda aurkitu zuten etxean Manu. Gertaerak sortutako sentimentuak biltzen ditu doinuak. Lehen zatia ixilean kantatzeko modukoa da baita, eta moten jota ere funtziona dezake. Sorkuntza xume hau, Amurrioko Txistuzaleak taldeko errepertoriora pasa da, kalejirei heltzen diotenean beren laguna ondoan eramateko.

Hemen duzue eskura partitura eta partitxelak:

https://labur.eus/mendi_biribilketa

Bideoan Jose Miguel Llano txistulari eta argazkilari amurriarraren estudioko argazkiak eta Amurrioko txistu jardunaren ingurukoak ikus daiteke. Baita Arrigorriagako Aingeru Ozerinjauregik egindako zenbait. Manuren azken kalejiran ateratako argazkia ere ikus daiteke. Audioa Igor Arzuagak grabatu du, muntaketa eta txistua jotzeaz berriz, egilea bera arduratu da.

Artikulua Manu gogoan hemen.

2020/09/27

GEURE ADURTZA (Txistuaz 01)


Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Gaurkoan Geure Adurtza! piezari helduko diogu. Pieza hau Jose Luis Cantabrana (Murgia, 1965) musikagile eta txistulariak sortua da. Txistu irakasle, abesbatzeko zuzendari, Ordago Folk taldeko kide, Araba Txistu Bandako zuzendari,... Hamaika saltsetako perrexila, hainbat obra ditu argitaratuak, besteak beste Fuga (Berzistu, Silboberri) txistu eta organorako, txistu eta abesbatzerako Prudentzio jaietako oihartzunak (Txistulari aldizkaria)  eta Aritz adarrean (Txistulari aldizkaria). Azken obra hau txistu banda, soka laukote eta perkusiorako idatzia dago, Arabako Aldundiak antolatutako konposizio lehiaketan saritua izan zelarik.

Geure Adurtza! biribilketa bat da, Gasteizko izen bereko auzoari eskeinia. Kalejiran, beste pieza batzuetan legez, euskal dantzen oihartzunak txertatzen ditu musikagile murgiarrak, oraingoan banangoarekin jolastuz. Adurtza 60. hamarkadan Gasteizen eraikitako lehenengo langile auzoetako bat da. Auzo bizia izanik ez ditu faltan bere txistulari eta dantzariak noski. 

Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:

https://labur.eus/geure_adurtza

Bideoa eta audioa Jose Luis Cantabranak grabatu du, Gorka Saez de Ibarra perkusio jolearen partehartzearekin.

2020/08/17

BURUNDARRAK (TxistuaZ 01)

Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Gaurkoan Burundarrak izeneko bildumatxoari helduko diogu. Gurean aurkezpenik behar ez duen Karlos Sanchez Ekizak (Iruñea, 1963) sortua da fandangoa, arin arina eta biribilketaz osatutako pieza hau. Hiruak oso alaiak begitandu zaizkit, eta soberako ausardiaz esango dut agian baduela horrek loturarik sortu ziren garaiarekin, musikagileak 2019ko abenduaren 29 eta 2020ko urtarrilaren 4an sinatzen baititu lan hauek. Izenburuak Nafarroako eskualdeari erreferentzia egiteaz gain Altsasuko txistu taldeari ere badagokio, zeinarekin aritzen baita Ekiza.

Musikagile gisa katalogo interesgarri eta aberats bat du osatua Ekizak txistuaren munduan: Erantzunik gabeko galderak, Akelarreko lezean, Bost!, Durango 5/6,...Ezin besteko hainbat obra argitaratuak ditu Txistulari aldizkariarekin zein Silboberri elkartearekin, tankera, formato eta estilo ezberdinetan. Historian lizentziatua eta Musikologian doktoratua EHUko irakasle titularra da egun. Hainbat liburu ere idatziak ditu kurrikulum luzeko musikari honek. Txistuaz aldizkariko lehen alean artikulu interesgarri bat idatzi du baita, bere ibilbideko hiru obra esanguratsuen inguruan mintzatuz.

Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:




Bideoa Hego Haizeak txistu bandak grabatu du: Aitor Urquiza lehen txistuan, Ainara Martinez txistu bigarrena, Xabier Olazabal silbotearekin eta Beñat Lopez atabalaz.