Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.
Gaurkoan Aro berriak piezari helduko diogu. Jose Luis Cantabrana (Murgia, 1965) musikagile eta txistularia da piezaren sortzailea. Txistu irakasle, abesbatzeko zuzendari, Ordago Folk taldeko kide, Araba Txistu Bandako zuzendari,... Hamaika saltsetako perrexila, hainbat obra ditu argitaratuak, besteak beste Fuga (Berzistu, Silboberri) txistu eta organorako, txistu eta abesbatzerako Prudentzio jaietako oihartzunak (Txistulari aldizkaria) eta Aritz adarrean (Txistulari aldizkaria). Azken obra hau txistu banda, soka laukote eta perkusiorako idatzia dago, Arabako Aldundiak antolatutako konposizio lehiaketan saritua izan zelarik.
Aro berriak aldarrikatu nahi izan ditu musikagileak biribilketa honetan. Lehengokoa gogoan izanda berriari leku egiteko beharraz ari da Cantabrana. Erritmoarekin dituen jolasek, sarrerak eta zinta-dantzaren oihartzunek pieza erakargarri eta elegantea bihurtzen dute, kalean dotoreziaz aritzeko aukera emanez.
Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera: