2021/02/09

ZURE LEHIO AZPIKO POEMAK II (Txistuaz 01)

Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Duela aste batzuk Zure lehio azpiko poemak. Bost ipuin piezaren grabaketa eta bideoa aurkeztu genituen. Oraingoan pieza beraren bigarren bertsio batekin gatoz. Iban Ibarretxe txistulari zornotzarrak, Bermeoko Musika Eskolan ikasle dituen Lorea Landaluze eta Elena Amezuarekin batera grabatu du Igor Arzuagaren pieza, perkusioa gehituz eta beraien ikutu berezia emanez. Hirukoteak grabaketa etxetik egin behar izan du, izan ere Bermeoko Musika Eskola covid-agatik itxi eta etxetik baidihardute egunotan. Meritu bikoitza beraz!

Zure lehio azpiko poemak. Bost ipuin piezari buruz gehiago jakiteko irakurri blogeko sarrera hau.

Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:


https://labur.eus/zure_lehio_azpiko_poemak


2021/01/18

ZURE LEHIO AZPIKO POEMAK. BOST IPUIN (Txistuaz 01)

Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Gaurkoan Zure lehio azpiko poemak. Bost ipuin piezari helduko diogu. Balkoi baten azpira bildutako txistu banda irudikatu du Igor Arzuagak (Areta, Laudio, 1976) Txistuaz aldizkarirako espreski sortutako pieza ez-ohiko honetan. Bost ataletan banatutako musika lan honek harmonia eta melodian lan egiteko aukera ederra ematen die jotzaileei. Mikel Urdangarin, Exkixu, Une Latzak eta bestelako folk eta rock taldeetan ibilitakoa da Arzuaga pianoa, trikitia, akordeoia, baxua edo eta gitarra jotzen. Bakarlari gisa hamaika disko grabatuak ditu, azkena Baserritik jeitsi nintzen izeneko bilduma. Esperimentaziorako joera, bertan goxo geratzeko arrisku gutxi eta pertsonalitate handiko musikaria da Igor. Aurreneko pausuak, besteak beste, txistuarekin egin zituen. Pianoan ikasketa klasikoetan hazitakoa, jazzerako hurbilketa batean murgilduta dabil azken garai honetan.

Zure lehio azpiko poemak. Bost ipuin kalean jotzeko pentsatuta dago eta perkusioa ad libitum prestatzeko gonbitea egiten du. Behin aldizkarian publikatuta Arzuagaren etxeko estudioan grabatzeko aukera izan genuen. Musikari aretarraren eskuetan geratu zen partituran idatzitakoa txistu soinu bihurtua, perkusioaren faltan. Igorren sortzeko eta birsortzeko etengabeko bulkadak baina, jantzi berri bat eman dio piezari: teklatua, programazioak, efektuak,... gehituz. Opari ederra gure proiektu xume honentzako! Azkenik, soinuari irudia jarriz, Aingeru Ozerinjauregi arrigorriagarrak ginga jarri du bere argazki bilduma eder batekin.

Balkoiaren azpian, poesia.


Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:

https://labur.eus/zure_lehio_azpiko_poemak