
Gaurkoan Mendi pbiribilketa dakargu. Pieza hau Christian Alemanyk (Laudio, 1978) txistulari eta musikariak sortua da. Pieza 2020ko urtarrilean zendutako Manu Mendiguren txistulari lagunari eskeinia dago. Amurrioko Musika eskolako ikasle eta Amurrioko Txistuzaleak taldeko kide zen Mendiguren, Manu edota Mendi bezala ezagunagoa. San Anton eguneko kalejira egin eta hiru egunera hilda aurkitu zuten etxean Manu. Gertaerak sortutako sentimentuak biltzen ditu doinuak. Lehen zatia ixilean kantatzeko modukoa da baita, eta moten jota ere funtziona dezake. Sorkuntza xume hau, Amurrioko Txistuzaleak taldeko errepertoriora pasa da, kalejirei heltzen diotenean beren laguna ondoan eramateko.
Hemen duzue eskura partitura eta partitxelak:
https://labur.eus/mendi_biribilketa
Bideoan Jose Miguel Llano txistulari eta argazkilari amurriarraren estudioko argazkiak eta Amurrioko txistu jardunaren ingurukoak ikus daiteke. Baita Arrigorriagako Aingeru Ozerinjauregik egindako zenbait. Manuren azken kalejiran ateratako argazkia ere ikus daiteke. Audioa Igor Arzuagak grabatu du, muntaketa eta txistua jotzeaz berriz, egilea bera arduratu da.
Artikulua Manu gogoan hemen.
Gaurkoan Geure Adurtza! piezari helduko diogu. Pieza hau Jose Luis Cantabrana (Murgia, 1965) musikagile eta txistulariak sortua da. Txistu irakasle, abesbatzeko zuzendari, Ordago Folk taldeko kide, Araba Txistu Bandako zuzendari,... Hamaika saltsetako perrexila, hainbat obra ditu argitaratuak, besteak beste Fuga (Berzistu, Silboberri) txistu eta organorako, txistu eta abesbatzerako Prudentzio jaietako oihartzunak (Txistulari aldizkaria) eta Aritz adarrean (Txistulari aldizkaria). Azken obra hau txistu banda, soka laukote eta perkusiorako idatzia dago, Arabako Aldundiak antolatutako konposizio lehiaketan saritua izan zelarik.
https://labur.eus/geure_adurtza
Bideoa eta audioa Jose Luis Cantabranak grabatu du, Gorka Saez de Ibarra perkusio jolearen partehartzearekin.
Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.
Gaurkoan Burundarrak izeneko bildumatxoari helduko diogu. Gurean aurkezpenik behar ez duen Karlos Sanchez Ekizak (Iruñea, 1963) sortua da fandangoa, arin arina eta biribilketaz osatutako pieza hau. Hiruak oso alaiak begitandu zaizkit, eta soberako ausardiaz esango dut agian baduela horrek loturarik sortu ziren garaiarekin, musikagileak 2019ko abenduaren 29 eta 2020ko urtarrilaren 4an sinatzen baititu lan hauek. Izenburuak Nafarroako eskualdeari erreferentzia egiteaz gain Altsasuko txistu taldeari ere badagokio, zeinarekin aritzen baita Ekiza.