Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.
Gaurkoan Burundarrak izeneko bildumatxoari helduko diogu. Gurean aurkezpenik behar ez duen Karlos Sanchez Ekizak (Iruñea, 1963) sortua da fandangoa, arin arina eta biribilketaz osatutako pieza hau. Hiruak oso alaiak begitandu zaizkit, eta soberako ausardiaz esango dut agian baduela horrek loturarik sortu ziren garaiarekin, musikagileak 2019ko abenduaren 29 eta 2020ko urtarrilaren 4an sinatzen baititu lan hauek. Izenburuak Nafarroako eskualdeari erreferentzia egiteaz gain Altsasuko txistu taldeari ere badagokio, zeinarekin aritzen baita Ekiza.


