2020/08/17

BURUNDARRAK (TxistuaZ 01)

Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Gaurkoan Burundarrak izeneko bildumatxoari helduko diogu. Gurean aurkezpenik behar ez duen Karlos Sanchez Ekizak (Iruñea, 1963) sortua da fandangoa, arin arina eta biribilketaz osatutako pieza hau. Hiruak oso alaiak begitandu zaizkit, eta soberako ausardiaz esango dut agian baduela horrek loturarik sortu ziren garaiarekin, musikagileak 2019ko abenduaren 29 eta 2020ko urtarrilaren 4an sinatzen baititu lan hauek. Izenburuak Nafarroako eskualdeari erreferentzia egiteaz gain Altsasuko txistu taldeari ere badagokio, zeinarekin aritzen baita Ekiza.

Musikagile gisa katalogo interesgarri eta aberats bat du osatua Ekizak txistuaren munduan: Erantzunik gabeko galderak, Akelarreko lezean, Bost!, Durango 5/6,...Ezin besteko hainbat obra argitaratuak ditu Txistulari aldizkariarekin zein Silboberri elkartearekin, tankera, formato eta estilo ezberdinetan. Historian lizentziatua eta Musikologian doktoratua EHUko irakasle titularra da egun. Hainbat liburu ere idatziak ditu kurrikulum luzeko musikari honek. Txistuaz aldizkariko lehen alean artikulu interesgarri bat idatzi du baita, bere ibilbideko hiru obra esanguratsuen inguruan mintzatuz.

Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:




Bideoa Hego Haizeak txistu bandak grabatu du: Aitor Urquiza lehen txistuan, Ainara Martinez txistu bigarrena, Xabier Olazabal silbotearekin eta Beñat Lopez atabalaz.

2020/08/03

HEDAPENA (TxistuaZ 01)

Ekainaren 30ean estreinatu zen sarean Txistuaz aldizkaria. Argitalpenak harrera beroa izan du, zorion mezu ugari jasoz. Edukiaren inguruko galdera, iritzia eta zehaztapenik ere heldu da txistuaZ@ni.eus postara. Mila esker guztioi. Feedback-ak garrantzia du, beraz, hemendik, gonbidapena edukiei buruz edo proiektuari buruz zuen aburuak helarazteko.

Aldizkaria hedatzeko hainbat bide baliatu ditugu: blog hauxe, e-mail bidez (txistuaZ@ni.eus) eta issuu plataforman argitaratuz. Aldizkaria partekatu eta birbidali dutenen ekarpena gehitu behar zaio horri, berriz ere, esker mila! 

Zenbakiak hotzak ei dira, baina batzuk aipatze aldera blogean 858 bisita izan dira aldizkaria deskargatzeko sarreran. Issuu plataforman 30 egunean 133 erabiltzailek inprimatu edo deskargatu dute Txistuaz. Plataforma honek ematen digun informazioarekin esan dezakegu Argentina eta Brasilen ere izan dela aldizkaria eskuratu duenik.

Aurreikusten ez zen erantzun pozgarria! Harrotasunez eta esker onez jaso eta proiektuari indarra ematen diona.

Piztu duen interesetik hona bi elkarrizketa. Bat, Aiaraldea gaur hedabideari eskeinitakoa eta bestea, Argentinako Ekin kultur taldeak antolatutako zuzeneko solasaldia.