2020/09/27

GEURE ADURTZA (Txistuaz 01)


Txistuaz aldizkari digitala, aldizkari bizia izango da. Behin zenbaki bat saretua delarik, bere edukia blog honetan osatzen joango gara.

Gaurkoan Geure Adurtza! piezari helduko diogu. Pieza hau Jose Luis Cantabrana (Murgia, 1965) musikagile eta txistulariak sortua da. Txistu irakasle, abesbatzeko zuzendari, Ordago Folk taldeko kide, Araba Txistu Bandako zuzendari,... Hamaika saltsetako perrexila, hainbat obra ditu argitaratuak, besteak beste Fuga (Berzistu, Silboberri) txistu eta organorako, txistu eta abesbatzerako Prudentzio jaietako oihartzunak (Txistulari aldizkaria)  eta Aritz adarrean (Txistulari aldizkaria). Azken obra hau txistu banda, soka laukote eta perkusiorako idatzia dago, Arabako Aldundiak antolatutako konposizio lehiaketan saritua izan zelarik.

Geure Adurtza! biribilketa bat da, Gasteizko izen bereko auzoari eskeinia. Kalejiran, beste pieza batzuetan legez, euskal dantzen oihartzunak txertatzen ditu musikagile murgiarrak, oraingoan banangoarekin jolastuz. Adurtza 60. hamarkadan Gasteizen eraikitako lehenengo langile auzoetako bat da. Auzo bizia izanik ez ditu faltan bere txistulari eta dantzariak noski. 

Argitaratutakoa osatzeko, hona hemen partitura osoa partitxelekin batera:

https://labur.eus/geure_adurtza

Bideoa eta audioa Jose Luis Cantabranak grabatu du, Gorka Saez de Ibarra perkusio jolearen partehartzearekin.